AROZTEGIA…ETA GERO ZER? TXIRRINKAREKIN BAT!

TXIRRINKA 2“Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!” lelopean 2016ko maiatzaren 20, 21 eta 22an TXIRRINKA ekimena burutuko da. Txandakako bizikleta martxa honen lau zutabeak Hendaia, Muskiz, Gasteiz eta Iruñetik abiatuko dira, eta Euskal Herriko geografia zeharkatu ondoren Bergarako AHTren korapiloan elkartu eta helmugaratuko dira. Lekukoa hartuko duten taldeen artean lurraren alde eta AHT, fracking, zentral nuklear zein termiko, errauskailu, goi tentsioko linea, urtegi zein ubide, harrobi edota meategi erraldoiak bezalako azpiegitura txikitzaileen aurka borrokan dihardutenak dira. Baina ez horiek bakarrik. Baita ere langabetuen asanbladak, sindikatuak, bazterketa soziala eta arrazakeriaren aurkakoak, feministak, auzo elkarteak, jubilatu taldeak, euskalgintzako kolektiboak, gazte mugimendua, kontsumo taldeak,etc.

IMG_5075Ekimen honen zutabeek Euskal herriko herrialde bakoitzean lurra zein jendartea mehatxatzen dituzten egitasmo suntsitzaileak salatzeaz gain, hoien aurkako borrokak ezagutarazi eta aldarrikatuko dituzte. Horretarako, TXIRRINKAren blogean Euskal Herriko erresistentzien mapa agertzen da, iraganeko zein gaur egungo borrokak islatzen direlarik. Bertan ikusten da erresistentzia asko garaile suertatu direla eta borrokak duen balioa azalarazten da.

Azpiegituren aurkako erresistentzien mapaZutabe bakoitzak daraman lekukoak hazi batetik ateratzen den ernamuina irudikatzen du, amaierako ekitaldian lauak elkartuko direlarik jatorrizko fruituan txertatuz. Honekin islatu nahi da borroka guztiak bat direla, elkarren osagarri direla eta lurra dela herrien etorkizuna. Lekuko hauek biltzen dituen eskultura Ion Tomao artistaren lana da. 

Ibilbidearen nondik norakoak, denborak eta parte hartzaileen zerrendak ekimen honen blogean ikusgai daude. Baita ohar orokorrak, zutabe bakoitzaren informazio praktikoak eta antolakuntzarekin kontaktatzeko moduak ere. 

Halaber, ekimen honetarako Zopilotes Txirriaos talde nafarrak sortutako kanta entzungai dago. Abestia: Txirrinkak Hartu ta Goazen

Honekin batera, ekimen honekiko atxikimendu kanpaina zabaldu da, zuzenean parte hartuko ez duten E.H.ko eragile sozial, politiko, sindikal eta kultural guztiek ekimenarekin bat egiteko aukera ere izan dezaten.

TXIRRINKAren bukaera Maiatzaren 22an, igandearekin, Bergarako Angiozar auzoan izango da, AHTren lanen ondoan, bertan kokatzen bait da EAEko hiru hiriburuak lotuko lituzken erokeria xahutzaile horren muina. Amaiera egun horretako egitaraua honako hau izango da:

  • 12:00. Lau zutabeen elkartzea, Bergarako Labegaraieta polikiroldegiko aparkalekuan.
  • 12:30. Martxa-Manifestazioa: Bergara-Angiozar. Bizikleta bazterrean utzita, 4 km-ko azken txanpa hau oinez egingo da. Modu honetan, AHT gelditu Elkarlanak duela 15 bat urte egindako lehenengo mobilizazioa gogoratuko da.
  • 13:30. Ekintza sinbolikoa AHTren lan eremuaren ondoan.
  • 14:00. Amaiera ekitaldia. Angiozarreko pilotalekuan izango da. Bertan lau lekukoekin batera datozen idazki laburren irakurraldia izango da, propio idatzi duten egileen eskutik: Jasone Mitxeltorena (Nafarroa), Juan Ibarrondo (Araba) eta Amaia Agirre (Gipuzkoa). Txirrindula eder baten zozketa ere burutuko da.
  • 14:30. Herri bazkaria. Ondoren, Sebastopoleko Titiriteroek egindako dantza saioa eta musika. Ikusten denez, ekimen honek aukera ezin hobea eskeintzen du lurraren alde, azpiegitura txikitzaileen aurka eta jendarte eredu berri baten alde mugitzen ari direnen arteko sarea indartzeko.

Be the first to comment

Leave a Reply

Your email address will not be published.


*