“BAZTAN BIZIRIK NAHI DUGU” manifestazioa uztailaren 17an Elizondon

Baztan bizirik nahi dugu!

Azken aldi luze honetan herritarren eskakizunekin deus ikustekorik ez duten egitasmoak egin nahirik dabiltza Baztanen. Egitasmo hauek gure lurra, gure ingurua, gure biziak eta bizitzeko moduak aldatuko dituzte. Egitasmo horiek ez dira zerutik etortzen, interes ekonomiko eta enpresarial konkretuek bulkaturik heldu dira, beti neurrigabe, beti diru gosez. Euren sakelak ederki aberasteko, lau sosen biltzeko, lurra antzutuko lukete horiek. Horiengatik balitz, lugorrian bihurtuko lukete gure geroa.

Alta, guk, Baztan bizirik nahi dugu. Gure oraina eta gure geroa Baztanen egin nahi ditugu. Baztanen bizi eta lan egin nahi dugu. Horretarako, sozialki beharrezkoak diren jarduerak eta kalitatezko enpleguak sortuz. Horretarako, iraunkorra izanen den ekonomia eta ekoizpen eredua bulkatuz. Gure ingurura, gure lurraldera, gure izateko modura, gure aspirazio kolektiboetara egokitzen den Baztan bizi bat nahi dugu. Herritar arruntek egina, herritar arrunten zerbitzura, ingurunea zainduz, eta gure ondokoen ondokoak gogoan ere hartuz. Baztan bizirik nahi dugu!

Herriaren hitza errespetatu!

Baztanen herritarren eta lurraren kontrako egitasmoak egin nahi dituzte, Amaiurko Munoako harrobia eta Lekarozko Aroztegiako pelotazo urbanistikoak horren erakusgarriak dira. Amaiurren, harrobi egitasmoaren kontra herri-galdeketa egin zen, eta %94,5 aurka agertu zen. Lekarozen, bertzalde, %67 Aroztegiako proiektu urbanistiko-espekulatzailearen kontra agertu zen. Zenbat balio du herritarren iritziak? Non ikusi ote da herritarren iritziaren gainetik, administrazio publikoa, udala, interes enpresarial konkretu batzuen eskutik ibiltzea?

Inposaketarik gabeko Baztan bat nahi dugu. Herritarren eta herrien iritzia kontuan hartuko duena, eta hori oinarria izanen duena. Parte hartzea eta demokrazia aldarrikatzen ditugu. Eta inposaketen gainetik, herrien eta herritarren hitza errespetatzea.

Munoa eta Aroztegia gelditu!

Amaiurko Munoan, amaiurtarren erditsua bizi den inguruan zundaketak baimendu ditu udalak, ondotik, hain segur, harrobia egiteko. Non ikusi ote da tokiko jendeen gainetik, tokiko jendeen ongi izatearen, osasunaren eta segurtasunaren gainetik, enpresa pribatu baten alde hain modu itsuan jokatzea? Beharrezkoa da harrobietatik baserrietarainoko guttienezko distantzia paratzea. Baserritarrak ere pertsonak gara. Proiektu hauek honat iritsi aitzinetik hemen ginen, bertakoak gara, eta hemengo errealitatearen zati garrantzitsua gara. Horregatik, harrobietatik baserrietarainoko distantzia egiteko ordenantza eskatzen dugu. Udalaren betebeharra da eta baztango herri eta baserrien eskubidea ere bai.

Bertzalde, Lekarozko Aroztegian, 252 etxebizitza berri egin nahi dituzte, eremu ez-hirigarrian eta Udal Planetik kanpo. Alimaleko pelotazoa da, Inmobiliaria-Caixa Galicia eta baztango beren lagunak espekulatuz aberasteko, baino baztango behar sozialekin deus ikustekorik ez duena. Horretarako kontuan hartu 2001ean baztanen 850 etxe hutsik zeudela. Aroztegia baztango 16. herria izanen da, eta horrela, baztango lurraldearen desegituraketa bulkatu bidenabar, gisa guztietako ondorio sozial eta ekonomikoak ekarriko ditu.

GUZTI HORREN ONDORIOZ, HELDU DEN UZTAILAREN 17rako MANIFESTALDIA ANTOLATU DUGU ELIZONDON, LEMA HIRUKOITZAREKIN:

BAZTAN BIZIRIK NAHI DUGU!
HERRIAREN HITZA ERRESPETATU!
MUNOA ETA AROZTEGIA GELDITU!

Akitzeko, Nafarroa osoko hamahiru taldek “Nafarroa Bizirik nahi dugu” lemarekin larunbat honetarako egin duten manifestaldira joateko deialdia egiten dugu. Gure lurra xehakatuko duten egitasmoak gelditzeko eskatzeko, eta oraingo garapen eredu hau salatzeko.