Azken berrien inguruko balorazioa

PRENTSA OHARRA URRIAK 2010

Joan den astean Nafarroako Gobernuko etxebizitza eta lurralde antolaketa departamenduak Aroztegia eremuan Udal Planaren aldaketa puntualari behin betiko onespena eman zion. Honen aurrean Aroztegia…eta gero zer? plataformak adierazi nahi du:
-Bai Nabai-k eta bai UPN-k bat egiten dute, berriro ere, Baztanen eredu ekonomiko espekulatzaile eta suntsitzailea bultzatzeko non gutxiengo baten interesak defenditzen diren herritarren gehiengoaren erabakia defenditu beharrean. Eredu honek iraunkortasunik ez du eta Baztango ekonomia eta baliabideak agortzera eramaten du, hurrengo belaunaldiei etorkizuna lapurtuz.

-Proiektu hau aurkeztu zenetik pasatu diren hilabete guztietan Udalak ez dio herriari azaldu zeintzuk diren proiektu hau aurrera eramateko arrazoiak, ezta norentzat izango diren Lekarozen, Udal planetik kanpo, egin nahi diren 252 etxebizitzak.

-Nabai-ren hipokresia ere salatu nahi dugu. Oposizioan dagoen tokietan Aroztegia bezalako pelotazo urbanistikoen aurka agertu baita, plataformak erabiltzen dituen arrazoi berdintsuak erabiliz. Irotz eta Egueseko proiektuen aurka publikoki agertu dira, adibidez. Badirudi Nabai-ren kriterioa pastela noren artean banatu behar denaren arabera aldatzen dela.

-Proiektuari dagokionez akats eta gabezia aunitz dituela uste dugu eta horren aurrean alegazioak aurkeztuko ditugu eta alegazioak zehaztu ondoren publiko eginen ditugu. Prozesu honetan izan diren irregulartasunen artean sutearen aferakin gertatu dena azaldu nahi dugu:

– Aroztegia…eta gero zer? plataformak, baita Lekarozko Herriko Batzarrak ere, behin eta berriz, Aroztegia-ko eremuan 2005ean izan zen sutearen berri eman dute. Martin Garde Udaleko kultura eta turismoko zinegotziak aurtengo otsailaren 14an Berrian egindako elkarrizketan ere Aroztegian izandako suteak proiektuari ekar diezaiokeen arazoak aipatzen ditu. Izan ere, proiektuaren kontra aurkezturiko alegazioetan bilduta dago. Sutearen ondorioz, eta legez, ( 13/1990-ko Lege Foralaren 42.1 art. eta 43/2003-ko Lege Foralaren 50.1 art.) sutea egon den tokian ezin da 30 urtez lurra birkalifikatu. Eta hau, bai enpresak eta bai Udalak aski ongi dakite.

Alegazioei emandako erantzunean Udalak, Nafarroako Gobernuari sutearen informazioa eskatu diola dio. Eskaera Nafarroako Larrialdi Agentziara zuzenduta zegoen eta bertatik jaso zuen erantzuna 2010eko uztailaren 10an. Erantzun honetan 2005eko martxoaren 23an Lekarozko Aroztegia parajean izandako sutearen berri ematen du, partzelaren zenbakia zehaztu gabe. Hau jakinda, Udalak sutearen leku zehatza zein den jakiteko egin beharreko gestioak egin beharrean ezjakintasuna alegatu eta parte hau expedientetik kanpo uztea erabakitzen du.

Plataformak, Udalak dituen kontaktu eta baliabiderik gabe, sute honen partea Nafarroako Ingurugiro Departamenduan egindako eskaera baten bitartez lortu du. Parte honetan zehaztasun osoz agertzen da sutea izan zen toki zehatza. Sutea Baztango 15. Poligonoan 332. Partzelan izan zen, Aroztegiako proiektuan famili-bakarreko etxebizitzak egin nahi diren partzelan hain zuzen ere. Informazio hau plataformak Udalari helarazi arren Udalak proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki du, legea betetzeari muzin eginez.

Aroztegia…eta gero zer?                                                             2010eko Urriaren 19a